Trebakuntza eta kontzientziazioa, funtsezkoak inbertsio eta finantzaketa jasangarriari aurre egiteko

ETEek kontuan izan behar dute finantzaketa jasangarriak, gainerako finantzaketa motek bezala, proiektuak “bideragarriak, kaudimendunak eta bermedunak izatea eskatzen duela, eta, aldi berean, eragin positiboa izan behar dutela”.

Trebakuntza eta kontzientziazioa, funtsezkoak inbertsio eta finantzaketa jasangarriari aurre egiteko

Ezkerretik eskubira: Inés Zalbide, Bilboko Merkataritza Ganberako Berrikuntza eta Jasangarritasun zuzendaria; Fernando López de Eguilaz, Kutxabankeko Jasangarritasun zuzendaria; Ana Camarero, Kreditu Ofizialeko Institutuko (ICO) Jasangarritasun burua; Joaquín Garralda, Spainsifeko presidentea; Juan Diego, Petronorren Negozio Garapeneko eta Harreman Instituzionaletako zuzendaria, eta Marta Areizaga, Asocimi-ko kontseilaria, Tubacex Fundazioko Patroia eta Firstlehen enpresako zuzendaria.

27 September, 2024|Kategoriak: Jasangarritasuna|

Cámarabilbao

Jasangarritasunaren bidez Bizkaiko enpresen lehiakortasunari laguntzeko asmoz, BBK ESG Hub Cámarabilbaok jardunaldi berri bat egin du inbertsio-estrategia arduratsuen egungo eta etorkizuneko egoeran sakontzeko eta finantzaketa jasangarrirako aukerek ESG (ingurumena, gizartea eta gobernantza) irizpideak integratuz enpresen inbertsio- eta finantzaketa-erabakietan duten eraginari buruz eztabaidatzeko.

‘Finantzaketa Jasangarria’ izeneko jardunaldia Juan Diego Petronorren Negozio Garapeneko eta Harreman Instituzionaletako zuzendariaren hitzaldiarekin hasi da. Diegok azpimarratu duenez, ESG irizpideak ezartzeko, “inbertsioak egin behar dira gobernantzan, trantsizio energetikoan, ingurumen-hobekuntzetan eta alderdi sozialetan, besteak beste”. Trantsizio jasangarri horri aurre egiteko, finantzaketa behar da, enpresak garatzeko “ezinbesteko eta beharrezko tresna”.

Ondoren Marta Areizaga Asocimi-ko kontseilariak, Tubacex Fundazioko Patroiak eta Firstlehen enpresako zuzendari eta fundatzaileak mahai-inguru bat moderatu du. Eztabaidan parte hartu dute Joaquín Garralda Spainsifeko presidenteak, Fernando López de Eguilaz Kutxabankeko Jasangarritasun zuzendariak eta Ana Camarero Kreditu Ofizialeko Institutuko (ICO) Jasangarritasun buruak.

Eztabaidan, Joaquín Garraldak azpimarratu du oso garrantzitsua dela finantzaketa jasangarriarekin zerikusia duten stakeholder guztiek – bankuak, inbertsio-banatzaileak, datu-hornitzaileak, GKEak eta sindikatuak – adostasunak lortzea eta erregulatzaileak garatutako neurrietan eragitea. Ana Camarerok, bere aldetik, nabarmendu du “antzematen diren joera eta beharrei adi egon behar dugula, eta horiei erantzun diezaieketen produktuak garatu behar ditugula”; Fernando López de Eguilazek, berriz, adierazi du “inbertsioa egiteaz gain, finantzaketaren bizi-ziklo osoan lagundu behar zaiela enpresei”.

Inbertsio eta finantzaketa jasangarrien egungo egoerari dagokionez, parte-hartzaileak bat etorri dira bi alderdi horien egoerak bereiztearekin. Adierazi dutenez, inbertsioak “bide onetik doaz, erregulazio-tsunamia eta erregulaziora egokitzeko beharra” gorabehera, baina finantzaketa jasangarriak oraindik ere “prestakuntza eta kontzientziazio handiagoa” behar duela ETEetara iristeko. Horri dagokionez, adierazi dute “rol-nahasketa” dagoela finantzaketa jasangarriari aurre egiteko orduan, eta, beraz, nahitaezkoa dela “alderdi guztiek beren zeregina ulertzea”. Halaber, adierazi dute finantza-erakundeek eta kudeatzaileek beren burua prestatu behar dutela, eta “negozio-ereduak ulertu behar dituztela behar bezala aholkatzeko, jasangarritasunak eragin desberdina baitu sektore bakoitzean”.

ETEek kontuan izan behar dute finantzaketa jasangarriak, gainerako finantzaketa motek bezala, proiektuak “bideragarriak, kaudimendunak eta bermedunak izatea eskatzen duela, eta, aldi berean, eragin positiboa izan behar dutela”. “Jasangarritasunari lotutako finantzaketak – esan dute – bete beharreko adierazle batzuk ditu maileguaren bizitzan zehar”.

Horri dagokionez, datuak homogeneizatuago egon daitezela eskatu dute, eragiketen balorazioak eta jarraipena egin ahal izateko. “Europa estandarizatzeko beharrari buruz eztabaidatzen ari da, baina, gaur egun, enpresa bakoitzak ematen du datua, eta datu hori lortzeko erabili duen metodologia zehaztu besterik ez du egin behar”. Homogeneotasun falta horrek zaildu egiten du konparagarritasuna, merkatuaren konfiantza eta, ondorioz, finantzaketa bera.

Greenwashing delakoari buruz galdetuak, hizlariak bat etorri dira esatean oraindik ere zaila dela jardunbide hori zehaztea; izan ere, “ikaskuntza-une” batean gaude, eta ez dago estandar argirik proiektu bat jasangarria den ala ez erabakitzeko. Nolanahi ere, adierazi dute “ezin dugula gelditu greenwashingari diogun beldurragatik, hobe dela ezer ez egitea baino, eta mugitzen ari garela ideia transmititzea”, gainerako enpresei jasangarritasunaren bidean eragiteko.

Jardunaldia Bilboko Merkataritza Ganberako Berrikuntza eta Jasangarritasun zuzendari Inés Zalbidek itxi du. Hizlariei jardunaldian parte hartzeagatik eskerrak eman ondoren, Zalbidek adierazi duenez, “nahiz eta adituek dioten Europak araudi-arloan abiadura moteldu egingo duela, azken urteotako estresaren ondoren, BBK ESG Hub Cámarabilbao ahaleginak egiten jarraituko dugu jasangarritasuna enpresetan sartzeko eta enpresen eta Lurralde osoaren garapenerako palanka izateko”.

Related Posts