Merkataritza Ganberek Makroeskualde Atlantikoaren sorrera bultzatzeko pausoak ematen jarraitzen dute
Arku Atlantikoko Merkataritza Ganberen IV. Foroa Pontevedra, Vigo eta Vilagarcía de Arousako Merkataritza Ganberaren egoitzan egin da eskualde atlantikoko 16 Ganberen ordezkariekin.

Cámarabilbao
Arku Atlantikoko Merkataritza Ganberen IV. Foroaren lehen jardunaldia egin da gaur. Foro honek, Bilbon, Porton eta Oviedon egindakoen lekukoa hartu du eta, bertan, aliantza osatzen duten eskualde atlantikoko 16 Ganberek partekatzen duten helburua berretsi dute: ganberen arteko lankidetzan aurrera egitea, baita erakundeekin eta enpresekin ere, lurraldea osatzen duten eskualdeek dituzten erronkei aurre egiteko eta garapen ekonomiko, sozial eta ingurumenaren aldetik iraunkorra izaten laguntzeko.
Arku Atlantikoko Merkataritza Ganberen IV. Foroa Pontevedra, Vigo eta Vilagarcía de Arousako Merkataritza Ganberaren egoitzan egin den saio tekniko batekin hasi da, eta bertan bildu dira Akitania Berriko; Arabako; Avileseko; Bilboko; Burgosko: Coruñako; Gijongo; Gipuzkoako; Kantabriako; Lugoko; Oviedoko; Pontevedrako, Vigoko eta Vilagarcía de Arousako; Santiago de Compostelako; Torrelavegako; eta Tuiko Ganberetako, eta Portugalgo enpresa-elkarteko ordezkariek.
Aurreko topaketetan ezarritako lan-eremuetan egindako aurrerapenen ingurukoa izan da jardunaldia. Hala, Oviedoko Ganberak Espainiako Gobernuaren Garraioaren eta Mugikortasunaren Jarraipenerako Mahaiaren inguruan egindako ekintzak azaldu ditu, garraioaren eta intermodalitatearen arloan ezarritako ekintzen barruan. Akitaniako eta Portoko Ganberetako ordezkaritzek, bestalde, Donejakue Bidea ardatz nagusi duen enoturismoaren inguruko ekimena aurkeztu dute. Hidrogenoaren korridoreari eta energia berriztagarriei dagokionez, Bilboko Ganberak orain arte garatutako ekimenak zehaztu ditu, eta horien artean nabarmentzekoa da Kantauri itsasoko ertzeko Hidrogeno Haranekin duela gutxi izandako topaketa. Halaber, Bilboko Ganberak, proiektuaren Idazkaritza Teknikoa duenak, aliantzaren komunikazio korporatiboa tresna berriekin zabaltzeko egiten ari den lana azaldu die gainerako parte-hartzaileei.
Foroan, bestalde, lehentasunezkotzat ezarritako bost erronken egoera eguneratu da: Konektagarritasuna eta eragiteko gaitasuna; Dibertsifikazioa eta Ekintzailetza; Jasangarritasuna, Berrikuntza eta nazioartekotzea; Erronka demografikoa; eta Talentua: Lurralde Erakargarria. Etorkizunerako jarduera berriak proposatu dituzte erronka hauetarako, eta gauzatu beharreko hainbat ekintza planifikatu dituzte. Arku Atlantikoko Merkataritza Ganbera berriak sartzea izan da aztertutako beste jardueretako bat.
Saio teknikoaren ondoren, Pontevedra, Vigo eta Vilagarcía de Arousako Merkataritza Ganberako presidente José García Costasek; Bilboko Merkataritza Ganberako presidente José Ignacio Zudairek – Aliantzako Idazkaritza Teknikoaren ordezkari gisa -; eta Arku Atlantikoko Batzordeko Presidentetzarako ordezkari eta Eusko Jaurlaritzako Europako Gaietarako zuzendari Mikel Antonek hitz egin dute. Jarraian, proiektuak garatzeko hartutako erabakien ondorioak aurkeztu dira. Jardunaldiaren itxiera Gabriel Alén Galiziako Xuntako Merkataritza eta Kontsumo zuzendari xeralak egin du.
Bihar, hilak 7, egingo den bigarren jardunaldian, erakundeak eta enpresak sartuko dira, eskualde atlantikoen garapenean haien babesa eta lankidetza biltzeko asmoz. Jose Ignacio Zudaire Bilboko Merkataritza Ganberako presidentea eta Mikel Anton Eusko Jaurlaritzako Europako Gaietarako zuzendari eta Arku Atlantikoko Batzordeko Presidentetzarako ordezkaria ere arituko dira bigarren jardunaldi horretan, eta David Carrascosa Saitec Offshoreko COOak ere parte hartuko du. Jardunaldian zehar, lehentasunezko gaiak jorratuko dira, hala nola, Arku Atlantikoaren makroeskualdea, garraio-azpiegituren garapena, hidrogeno berdea, itsasoko eolikoa eta turismoa.
Arku Atlantikoko Ganberei buruz
Portugal, Galizia, Asturias, Kantabria, Burgos, Nafarroa, Euskadi eta Akitania Berriko Iparraldeko Merkataritza Ganberek Arku Atlantikoko Merkataritza Ganberen Adierazpena sinatu zuten Bilbon, 2023ko ekainean, Atlantikoko lurraldeek ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren arloetan dituzten erronkei aurre egiteko ganbera arteko eta erakunde arteko lankidetza-mekanismoak sortzeko. Lehen Konferentzia hartatik, beste bi egin dira, Porton eta Oviedon, 2024ko otsailean eta uztailean, hurrenez hurren. Horietan, aurrerapausoak eman dira interes komuneko gaiak identifikatzeko, dokumentu estrategiko bat egiteko, eta administrazio publikoak eta beste erakunde batzuk proiektuan sartzeko. Dokumentu estrategikoak lehentasunezko hiru lan-eremu finkatzen ditu, lurralde guztietarako interes komunekoak:
- Garraioa eta intermodalitatea
- Atlantikoko trenbide-korridoreari bultzatzea
- Arku Atlantikoko portuen intermodalitatea eta konektibitatea bultzatzea
- Hidrogenoaren eta Energia Berriztagarrien Korridorea
- Hidrogenoaren korridorearen garapena
- Itsasoko eolikoa
- Donejakue Bidea bereizgarri egituratzaile gisa
- Enoturismoa
- Aisialdiko, naturako eta ongizateko jarduerak
Arku Atlantikoko Ganberek sinergiak sortu nahi dituzte lan-eremu horien inguruan, lurraldea eraldatzeko eta lehiakorrago, jasangarriago, dinamikoago, irekiago eta konektatuago bihurtzeko, bai eta erakargarriagoa eta herritarrentzako bizi-kalitate handiagokoa ere.