ESG helburuak, enpresen finantzaketa hobetzeko bidea
Cámarabilbaok, Burtsa de Bilbao BME, IAEF – FEF eta Lihthouse elkarteekin elkarlanean, jardunaldi bat antolatu du Bizkaiko enpresei helburu horiek zertan datzan zehazteko.
Cámarabilbao
Enpresek gai izan behar dute azaltzeko eta neurtzeko nola eragiten dioten beren jarduerek ingurumenari, nolako eragina duten komunitatean eta nola hartzen dituzten kontuan iraunkortasuna erabakiak hartzerakoan. Horretarako, ESG helburuak dituzte. Ingelesezko akronimoa da, eta enpresei erregulazioa eta inbertitzaileak eskatzen dizkieten jasangarritasun-irizpideak edo -faktoreak izendatzen ditu, hiru eremutan: ingurumenekoa (E), soziala (S) eta gobernukoa (G).
Bizkaiko enpresei, labur eta praktikoki, ESG helburuak edozein erakunderentzat oso interesgarriak izatearen arrazoiak ezagutaraztea izan da, hain zuzen ere, Cámarabilbaok antolatutako “ESG helburuen garrantzia enpresa handi eta txikien finantzaketarako” jardunaldiaren helburua, BME, IAEF – FEF eta Lihthouse Bilboko Burtsarekin lankidetzan.
Hitzaldiaren aurkezpenean, Mikel Arieta-araunabeñak, Cámarabilbaoko idazkari nagusiak, azpimarratu du “bezeroek, hornitzaileek eta inbertitzaileek enpresei arduraz eta modu iraunkorrean jokatzeko” eskatzen dietela, eta, beraz, “ESG helburuen garapenean lan egitea, helburu horiek behar bezala neurtzen ikastea eta ezagutaraztea ezinbestekoa da enpresentzat, eta bereziki finantzaketa behar dutenentzat”.
Jardunaldian honako hauek parte hartu dute: Manuel Ardanza, Bilboko Burtsa-BMEko presidentea; Manuel Martín-Muñío, Norbolsako zuzendari nagusia eta IEAFeko Euskadiko ordezkaria; eta Alfredo Echevarría, Lighthouseko analisi-zuzendaria. Azken horiek azaldu dute ESG helburuek nola eragin dezaketen enpresen finantzaketa hobetzean, bai bankuan, bai merkatuan, eta zer-nolako garrantzia duten konpainiek hornitzaileekin eta bezeroekin duten harremanean.
Laburbilduz, esg helburuak azken kontsumitzaileek eta inbertitzaileek gero eta ohikoago erabiltzen duten irizpidea dira, beren dirua zein enpresatan uzten duten erabakitzeko, eta horrek enpresa handi edo txikietan eta edozein sektoretan duen eragina erabakitzeko.