Kutxabankek eta euskal enpresa-erakundeek 2.000 milioi euro erabiliko dituzte ‘Next Generation EB’ laguntzak osatzeko
Kutxabank Next-ek enpresen esku jarriko ditu prestakuntza-ekintzak eta bere zerbitzu espezializatuak, baita online plataforma berri bat ere, deialdi berriei buruzko informazioarekin eta horiek lortze aldera autodiagnostikatzeko aukerarekin
Cámarabilbao
Kutxabankek eta ADEGI, CEBEK eta SEA euskal enpresa-erakundeek ‘Kutxabank Next’ sinatu dute, euskal enpresen susperraldia babesteko diseinatua, Europako ‘Next Generation’ laguntza-programaren aprobetxamendu optimoaren bidez, finantzaketa-plan propio osagarriarekin osatuko dena.
Planari 2.000 milioi euro esleitu zaizkio guztira, eta enpresa elkartuentzat lau lerro espezifiko barne hartzen ditu baldintza berezietan; enpresa horiek beren finantzaketa-premiei erantzun ahal izango diete, Europako laguntza-neurrien onarpena dagoen fasearen arabera.
PreNext izeneko lerroaren bidez, diru-laguntzak eskatu nahi dituzten proiektuen hasierako inbertsioak finantzatu ahal izango dira, laguntzak izapidetu aurretik.
Bestalde, Anticipa lerroak onartuta dauden baina aurrerago kobratuko diren laguntzen dirua aurreratzea ahalbidetuko du. CoNext lerroa diru-laguntza bidez jasotako funtsen finantzaketa-premia gehigarriak osatzeko erabiliko da; eta enpresak aurkeztutako inbertsio-proiektuengatik diru-laguntza jasotzeko eskaturiko abal teknikoak estaliko ditu Avalanextek.
Lehentasunezko finantzaketa-lerro horiekin batera, Kutxabankek Next Generation laguntzak emateari lotutako zerbitzu espezifikoak eskainiko dizkie enpresa elkartuei eta bere bezeroei, enpresentzako prestakuntza-ekintzak barne, baita arreta-zerbitzu espezializatu bat ere, diru-laguntzen esparruan sor daitezkeen kontsultak argitzeko.
Era berean, online plataforma berri bat gaituko du; horri esker, autodiagnostikoa egin ahal izango dute, konpainiek errazago bilatu ahal izateko eurentzat moduko laguntzak eta zeinetarako diren hautagarriak, eta enpresarentzat interesgarriak izan daitezkeen deialdi eta aukera berrien informazioa ere jasoko dute. Tresna horrek bertsio aurreratua izango du Kutxabankeko bezeroentzat eta enpresa-erakundeetan sartutako enpresentzat.
Hiru urteko indarraldia izango duen lankidetza-hitzarmena gaur sinatu dute Javier García Lurueñak, finantza-erakundeko kontseilari delegatuak, Eduardo Junkerak, Gipuzkoako Enpresen Elkartearen (ADEGI) ordezkari gisa, Carolina Pérez Toledok Bizkaiko Enpresarien Konfederazioaren (CEBEK) ordezkari nagusi gisa, eta Pascal Gómezek SEA Arabako Enpresarien Elkartearen izenean.
Sinadura-ekitaldian, Kutxabankeko CEOk azpimarratu du Planak aukera ematen diola Kutxabanki “enpresa-sareari, batez ere enpresa txiki eta ertainei (ETE), bere babes osoa ematen jarraitzeko. Europako funts horiek erronka eta aukera dira denontzat, ekoizpen-sare indartsuagoa, berritzaileagoa eta lehiakorragoa antolatzeko aukera emango digute eta”. Helburu horrekin, “euskal enpresen eskura jarriko ditugu beren premia eta aukeretara hobekien egokitzen d(ir)en laguntza(k) hautatzeko tresnak, eta horrek handitu egingo du laguntza horiek lortzeko probabilitatea”, gaineratu du.
Eduardo Junkerak, Adegiko presidenteak, adierazi du “Next Generation funtsak ekimen berria dira Europan, eta, nire ustez, egokia da. Europako planetan bi bektore ezartzen dira: digitalizazioa eta trantsizio ekologikoa. Enpresa-sarea sostengatzeaz eta eraldatzeaz hitz egiten bada, Europako funtsak enpresa guztietara iristea lortu behar da, baita enpresa ertain eta txikietara ere. Espero dugu akordio honek horretan lagunduko duela”.
Carolina Perez Toledo CEBEKeko presidenteak adierazi duenez, “Europako funtsak eskuratzea aukera handia da Euskadirentzat, eta ahalik eta gehien aprobetxatu behar dugu. Horregatik, uste dut enpresek eta, bereziki, ETEek izan behar dutela laguntza horien onuradun nagusiak, enpresek baitute gure Herrialdea eraldatzeko gaitasuna”. Pérez Toledok gaineratu du “CEBEKek zeregin garrantzitsua jokatu nahi duela bi norabidetan: alde batetik, administrazio publikoek adosten dituzten laguntza-esparruen berri emanez enpresei; eta, bestetik, beren inbertsio-proiektuekin funtsak eskuratu nahi dituzten enpresa-ekimenak administrazioei jakinarazteko eta helarazteko kanal bihurtuta.”
Amaitzeko, CEBEKeko presidenteak honako hau esan du: “Aldi berean, uste dut finantza-erakundeek zeregin garrantzitsua izan dezaketela, enpresek beren inbertsioak finantza ditzaten funtsen zain dauden bitartean, edo beren proiektuetarako finantzaketa-premia gehigarriak osa ditzaten”.
Pascal Gomez SEA Arabako Enpresarien elkarteko presidenteak ziurtatu duenez, hitzarmena sinatzeak “babes handia ematen die Europako funtsek izango duten ibilbide luzeari eta emaitzei”. Horren haritik, azpimarratu du “Arabak aurkeztu dituen proiektuek eraldatzeko gaitasun handia dutela, eta izaera estrategikoa dutenez, lehenbailehen martxan jarri behar direla”. Hori dela eta, Gomezen hitzetan, Kutxabanken babesa “oso garrantzitsua da Next Generation proiektuak enpresa-sarean izango dituen onurak bizkortzeko eta, batez ere, funts horiek ETEei eta mikroETEei ere iritsiko zaizkiela bermatzeko”.