Bizkaiko enpresa jasangarriak, BBK ESG Hub Cámarabilbao sarietan aintzatetsiak

Sariek ingurumen-berrikuntzan, berrikuntza sozial jasangarrian eta ESG irizpideen txertatzean gehien nabarmendu diren enpresak saritu dituzte.

Premios BBK ESG Hub 2024

10 March, 2025|Kategoriak: Jasangarritasuna|

Cámarabilbao

BBK Banku Fundazioak eta Bilboko Merkataritza Ganberak sustatutako eta Petronorrek lagundutako BBK ESG Hub Cámarabilbao ekimenak BBK ESG Hub Cámarabilbao Sariak banatu ditu. Ekitaldia Bilboko BBK Aretoan egin da, eta bertan parte hartu dute Xabier Sagredo, BBK Banku Fundazioko presidente exekutiboak; Nora Sarasola, BBKko Gizarte Ekintzako zuzendariak; José Ignacio Zudaire, Bilboko Merkataritza Ganberako presidenteak, eta Juan Diego, Petronorreko Negozio Garapeneko eta Harreman Instituzionaletako zuzendariak.

Bizkaiko enpresek ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren jasangarritasunaren alde egiten duten lana aitortzeko sari hauen lehen edizioan, hiru kategoriatan banatu dira sariak epaimahai profesional batek hautatutako hautagaitzei. Epaimahai hori enpresa-, gizarte- eta jasangarritasun-arloetako pertsona ezagunek osatzen dute; Kalicon Mediako Alejandro Echevarria; Metroeconomía Ibon Galarraga; Comillas Unibertsitate Pontifizioko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatea eta Zuzenbide Fakultateko (ICADE) José Luis Fernández; Petronorreko Juan Diego; Bilbao PortLabeko Nagore Ardanza; BBK banku Fundazioko Nora Sarasola; Beaz Bizkaiako Olatz Goitia; Russell Reynoldseko Ramón Gómez de Olea; Firstleheneko, Marta Areizaga; eta Bilboko Merkataritza Ganberako Inés Zalbide.

Ekimen propio eta berritzaileen bidez ingurumena zaintzeko eta deskarbonizatzeko ikuspegi berezia duten erakundeak aintzatesteko Ingurumen-berrikuntza kategorian saritutako hautagaitza Tubos Reunidos Group aurkeztutakoa izan da. Industriaren deskarbonizazioa da Bizkaiko konpainia honen Plan Estrategikoaren lau zutabeetako bat. Berrikuntza eta jasangarritasuna uztartu ditu, eta zero karbono-emisio garbiko soldadurarik gabeko altzairuzko lehen hodia sortu du, material birziklatuekin soilik egina, ekoizpen-teknologia berriak eta energia garbietan oinarritutako prozesu bat erabiliz. Hori mugarri garrantzitsua da karbono-aztarna murrizteko bidean.

Kategoria horretan, gainera, Bromalgae ekimenari aipamen berezia egin nahi izan dio epaimahaiak. Teknologia disruptibo, berritzaile eta industrian oso gutxitan ikusi den batekin, zuhaitz likidoak garatu ditu, zeinen barruan mikroorganismo ez-toxikoak bizi diren eta karbono azeleratuko metabolismoa dutenak, karbonoa asimilatzeko gaitasuna lurreko zuhaitzena baino 25 aldiz handiagoa izanik. Barakaldon kokatuta dagoen enpresa honen teknologiak ez du inolako hondakinik sortzen, xurgatutako karbonoa mikroalgek metabolizatzen baitute hazteko; beraz, ez du fotobioerreaktorean biltegiratu beharrik, ezta ondorengo tratamendua behar duen beste hondakin batera eraldatu beharrik ere.

Epaimahaiak Mutualiari eman dio saria, Berrikuntza sozial jasangarria kategorian – ekimen propioen bidez gizarte-alderdietan lan egiten duten erakundeei balioa emateko -, bere interes-taldeak osatzen dituzten pertsonen aniztasuna aztertzeko eta artatzeko programarengatik. Euskadin erreferentzia den mutuak aniztasuna eta inklusioa berezko balio estrategiko gisa integratzea sustatu du, aukera-berdintasuna, diskriminaziorik eza, ekitatea, aniztasuna eta pertsona guztien inklusioa errazten eta bultzatzen dituen lan-ingurunea sustatuz.

ESG irizpideak hobekien txertatzen dituen ETE aintzatespena, bere kudeaketa-ereduan jarduera etikoak, ingurumenekoak eta sozialak ezartzeari garrantzi berezia ematen duen enpresari saria, Zabalgarbik eskuratu du. Bizkaiko hondakin ez-birziklagarrien balorizazio energetikorako plantak eredu energetiko jasangarriago baterako trantsizioan laguntzen du 2005ean abian jarri zenetik. Berrikuntza, energia-eraginkortasun eta jasangarritasunarekin bere konpromisoari esker, Europako erreferente bihurtu da Bilbon kokatutako enpresa hau. Emisioen murrizketa, prozesuen etengabeko hobekuntza eta komunitatean duen eragin positiboa bateratzen ditu, gizarte-, kultura- eta lanbide-heziketako programen bidez.

Ekitaldia ixteko, ESAS taldearen musika-emanaldia izan da. Kulturari eta musikari lotutako emakume profesionalen sare bat da, eta emakumeei ikusgarritasuna ematea du helburu, batez ere musika klasikoan. Izan ere, mundu horretan erreferente bihurtu dira zuzendari, konpositore, instrumentista, interprete, kazetari, kultura-kudeatzaile edo bitartekari gisa.

Zabaldu irudiak jarraian, haien gainean klik eginez:

Related Posts