Merkatuan lehiatzeko, enpresek beren estrategien muinean jarri behar dute jasangarritasuna

Jasangarritasuna bere hiru alderdietan -ingurumena, gizartea eta gobernantza- hazkunde-palanka bat da eta “zalantzarik gabe, enpresa jasangarrienak lehiakorrenak izango dira”.

Jornada ESG Hub Iniciativas de apoyo

Ezkerretik eskubira: Mikel Arieta-araunabeña, Cámarabilbaoko Idazkari nagusia; Inés Zalbide, Cámarabilbaoko Berrikuntza eta Jasangarritasuneko zuzendaria; Jorge Fernández Orkestrako Energia Arloko zuzendaria; José Mª Fernández Ihobeko Ekonomia Zirkularraren zuzendaria; Isabel Castillo NBEko Mundu Ituneko Lurralde Hazkunde Estrategikoko arduraduna; Juan Diego, Petronorreko Negozio Garapeneko eta Harreman Instituzionaletako zuzendaria, eta Marta Areizaga, Asocimi kontseilaria, Tubacex Fundazioko Patroia, Firstlehen-en CEO eta fundatzailea.

27 June, 2024|Kategoriak: Jasangarritasuna|

Cámarabilbao

Hainbat arlotan garapen jasangarria babesteko eta sustatzeko diseinatutako estrategiak eta tresnak izan dira ‘Laguntza-programak eta -ekimenak’ jardunaldian landu diren gaiak. BBK ESG Hub Cámarabilbaoren topaketa berri bat da, BBK Banku Fundazioaren eta Bilboko Merkataritza Ganberaren ekimena, Petronorren lankidetzarekin – ekimen honekin bat egitea sinatu duen lehen enpresa –, Bizkaiko enpresei lehiakortasuna bultzatzeko.

Juan Diego Petronorreko Negozio Garapeneko eta Harreman Instituzionaletako zuzendariak ongietorri-hitzaldian nabarmendu du beharrezkoa dela jasangarritasunaren dibulgazioan sakontzen jarraitzea, “asko garatuko den eta oraindik ezjakintasun handia sortzen duen arloa”. Alde horretatik, enpresa handien zeregina funtsezkoa da, “beren inguruko enpresen eta lurraldearen beraren lehiakortasuna hobetzeko eragile baitira”.

Ondoren, Marta Areizaga Asocimi kontseilaria, Tubacex Fundazioko Patroia, Firstlehen-en CEO eta fundatzailea mahai-inguru bat moderatu du. Bertan parte hartu dute José Mª Fernández Ihobeko Ekonomia Zirkularraren zuzendariak; Jorge Fernández Orkestrako Energia Arloko zuzendariak; eta Isabel Castillo NBEko Mundu Ituneko Lurralde Hazkunde Estrategikoko arduradunak, ESG irizpideak ezartzen laguntzeko programei eta ekimenei buruzko bere iritziak eta esperientziak azaltzeko, bai eta aldaketa katalizatzeko betetzen duten zeregina ere, eta baliabideak, finantziaketa eta orientazioa eskaini dituzte, komunitateak eta enpresak etorkizun jasangarrirako trantsizioan ahalduntzeko.

Horri dagokionez, hizlari guztiak bat etorri dira adieraztean jasangarritasuna bere hiru alderdietan  –ingurumena, gizartea eta gobernantzahazkunde-palanka bat dela, eta “zalantzarik gabe, enpresa jasangarrienak lehiakorrenak izango direla”. Halaber, azpimarratu dute beharrezkoa dela “enpresei eta, bereziki, ETEei laguntzea arau-tsunamia gainditzen” eta sentsibilizazioan, prestakuntzan, lankidetzan eta aliantzetan sakontzea, “aurrerapausoa emateko eta ekintzara pasatzeko, helburuak finkatuz eta horiek lortzeko estrategiak ezarriz”.

Mahai-inguruan parte hartzen dutenen iritziz, enpresek “ezagutza eskatzen dute, ibilbide-orri bat”, aurrera egin ahal izateko. Eta horrek enpresa txiki eta ertainei eragiten die bereziki; izan ere, eraldaketa digitalei, ingurumenekoei eta energetikoei dagokienez, eta talentua erakartzeari dagokionez, “tamaina balio bereizgarria da”. Horregatik da garrantzitsua, batez ere ETEentzat, “balio-kateko maila guztiekin aliantzak eta lankidetza lantzea”. Gaur egungo egoerak erakusten du enpresa txiki eta ertain batzuk “aitzindari” direla, eta beste batzuk, berriz, “mantsoago” ari direla aurrera egiten. Nolanahi ere, bat datoz esatean “epe barruan legea betetzeaz gain”, enpresek prozesu hori aprobetxatu behar dutela “hobetzen lagun diezaieketen kontzeptuak identifikatzeko, “anbizio handikoak izateko eta merkatuaren eskakizunei aurrea hartzeko”.

ESG irizpideak ezartzearen kostuei buruz galdetuta, mahai-inguruan parte hartu dutenak ados egon dira jasangarritasunak gastu bat badakar ere inbertsio bihurtu behar dela esatean; izan ere, “ezinezkoa da nazioarteko merkatuan lehiatzea jasangarritasuna enpresaren estrategiaren muinean egon gabe”. Araudi-esparrutik harago, “aldatzen ari den merkatu baten aurrean, bi aukera daude: batetik, immobilista, ez aldatzea bezeroak eskatzen duen arte; eta, bestetik, aurrea hartu eta ekoizteko eta kontsumitzeko modua aldatzen dugu, lehiakorrak izaten jarraitzeko”.

Jarduera hobea duten enpresek, gainera, “finantziazio-aukera onuragarriak” izan ditzakete, eta hainbat rankingetan hobetu. Azken batean, “jasangarritasunari buruzko legeria guztiak, behar bezalako ardurari buruzkoak bezala, eragina, arriskua eta aukera ditu”, eta etorkizunerako ESG estrategia bat izateak “inpaktu negatiboak murrizten eta positiboak sustatzen laguntzen du, arriskuak minimizatzen ditu eta aukera berriei ateak irekitzen dizkie”. Horretarako, eta enpresaren lehiakortasuna handitzeko eta jasangarritasuna errentagarri bihurtzeko, funtsezkoak dira berrikuntza eta teknologia, kode etiko bat garatzea eta helburu zehatzak eta lorgarriak izatea.

Azken mezu gisa, Euskadin aurre egin behar diogun aldaketa sakona ere nabarmendu da. “Merkatuak gure eraldatze- eta ekoizte-modua aldatuko digu, baina jasangarritasunak aukera eman diezaguke lider izateko, gure negozio-eredua arrakastaz aldatzeko”.

Datorren uztailaren 23an beste topaketa bat egingo da, ‘Taxonomia soziala’ izenburupean. Bertan, jarduera ekonomiko eta enpresarialen inpaktu soziala ebaluatzeko irizpideak eta sailkapenak aztertuko dira. BBK ESG Hub Cámarabilbao-ren jardunaldi berri honetan parte hartzeko eta lekua erreserbatzeko, www.esghub.eus helbidean eman behar da izena.

Related Posts