Arku Atlantikoko Merkataritza Ganberak eta Hidrogeno-haranak elkartu egin dira lankidetza-bideak identifikatzeko
Abanto-Zierbenako Energy Intelligence Centerren (EIC) egoitzan egin da bilera. Trantsizio energetikoak dakartzan erronkei aurre egiten laguntzen duten teknologia eta proiektu berriekin lotuta dago zentro hori.

Cámarabilbao
Arku Atlantikoko Merkataritza Ganberetako ordezkaritza bat Kantauriko itsasertzeko Hidrogeno-haranen eta -klusterren ordezkariekin bildu da gaur, bi helbururekin: batetik, eremu horretan dagoeneko garatzen ari diren ekimenak ezagutzea, eta, bestetik, energia-bektore horrek lurralde osorako dakartzan aukerak gauzatzen laguntzeko Merkataritza Ganberek izan dezaketen zeregina aztertzea.
Arku Atlantikoko Merkataritza Ganberek egindako ekintzen barruan kokatzen da topaketa. Hausnarketa- eta lankidetza-foro horretan Portugal, Espainia eta Frantziako eskualde atlantikoetako 21 Merkataritza Ganberek parte hartzen dute, eta, tokikoaren sendotasunetik abiatuta, indarrak batzea du helburu, Arku Atlantikoa lurralde lehiakorrago, jasangarriago, dinamikoago, irekiago eta konektatuago bihurtzeko, bai eta bizitza erakargarriago eta hobea izateko ere.
Arku Atlantikoa osatzen duten eskualdeek dituzten erronkei aurre egiteko estrategia komuna garatzen jarraitzeko Ganberek identifikatutako ekintza-ildoen artean energia berriztagarriak eta hidrogenoa daude. Hori dela eta, Hidrogenoaren Korridoreari eta Mapari Laguntzeko Lantaldea osatu dute Gnberek, eremu horrek eskaintzen dituen aukerak aztertzeko. Gogoratu behar da komunitate guztiek dagoeneko badituztela zenbait ekimen, hala nola Hidrogeno-haranak eta -klusterrak, eta hidrogeno-azpiegitura nagusia eremu horretan dagoela, baita biltegiratzeko azpiegitura potentzialak ere.
Arku Atlantikoko Merkataritza Ganberen ordezkari gisa, Bilboko Merkataritza Ganberako presidente Jose Ignacio Zudairek parte hartu du ekitaldian, Araba, Aviles, Burgos, Kantabria, Gijon, Gipuzkoa, Nafarroa, Torrelavega, Oviedo eta Vigoko Ganberen ordezkariekin batera. Kantauri itsasoko kostaldeko hidrogeno-haranen edo -klusterren aldetik, AGH2 – Hidrogenoaren Galiziako Elkarte; ReCoDe H2 – H2 berriztagarriaren bidezko Asturiasen Berraktibazioa, Lehiakortasuna eta Deskarbonizazioa; PH2C – Kantabriako Hidrogenoaren Plataforma; BH2C – Hidrogenoaren Euskal Korridore; eta H2CYL – Gaztela eta Leongo Hidrogeno-elkartea erakundeetako ordezkariak izan dira.
Jardunaldian, gainera, Enagas, Redeia eta Bilboko Portuko Agintaritza izan dira, hidrogenoa banatzeko beharrezko azpiegitura gisa, eta Petronor, deskarbonizazioan aurrera egiteko funtsezko energia-bektore horren industria-kontsumitzaile potentzial gisa. Gainera, bertan izan dira Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko foru diputatua eta Lurralde Lehiakortasuneko eta Kanpo Sustapeneko zuzendari nagusia, Ainara Basurko eta Cristina Mugica; EEE – Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia, Mikel Amundarain; eta Kantabriako Unibertsitateko, Kantabriako Gobernuko, Nafarroako Gobernuko eta Burgosko Unibertsitateko ordezkariak ere, baita hidrogenoaren garapenean interesa duten enpresetakoak ere.
Abanto-Zierbenako Energy Intelligence Centerren (EIC) egoitzan egin da bilera. Trantsizio energetikoak dakartzan erronkei aurre egiten laguntzen duten teknologia eta proiektu berriekin lotuta dago zentro hori, eta, bereziki, hidrogenoarekin, etorkizun handieneko energia-bektoreetako bat izan baitaiteke.
Topaketa horren emaitzak Arku Atlantikoko Merkataritza Ganberen osoko bilkuran azalduko dira, Vigon, martxoaren 6an eta 7an.