Eusko Ganberak Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuarekin bildu dira
Ezkerretik eskubira: Gregorio Rojo, Arabako Merkataritza Ganberako presidentea; José Ignacio Zudaire, Bilboko Merkataritza Ganberako presidentea; Javier Hurtado, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburua, eta Mauricio Arregui, Gipuzkoako Merkataritza Ganberako presidentea.
Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak eta Eusko Ganberek bilera egin dute Sailak 2023an txikizkako merkataritzari laguntzeko garatu dituen programen emaitzak baloratzeko. Programa horiek merkataritza-ganberekin lankidetzan garatu dira, eta 2024rako lan-plana zehaztu dute.
Bileran parte hartu dute Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak, Jesús María García de Cos Turismo eta Merkataritzako sailburuordeak eta Elena Moreno Merkataritzako zuzendariak, eta Euskadiko ganberetako hiru presidenteek, Mauricio Arregui Gipuzkoako Bazkundeko presidenteak, José Ignacio Zudaire Bilboko Ganberako presidenteak eta Gregorio Rojo Arabako Ganberako presidenteak, beren zuzendari eta idazkari nagusiekin batera. Bertan egiaztatu ahal izan da Eusko Jaurlaritzak diseinatu eta sustatzen dituzten eta Eusko Ganberek kudeatzen dituzten programekin lortutako eragin handia.
Lankidetza hori Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak sektorearen lehiakortasuna sustatzeko duen estrategian oinarritzen da, eta, alde horretatik, baloratu da Eusko Ganberekin batera egindako lan-denborak prozesuak arintzea eta laguntzak modu eraginkorragoan hedatzea ahalbidetzen duela.
2023an, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak garatutako eta Eusko Ganberek kudeatutako merkataritza-enpresei eta hiriko merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzu-enpresei laguntzeko programak honako ekintza hauen artean banatu dira:
- eus-COMMERCE, merkataritza-sektorearen eta hiriko merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzuen eraldaketa digitala sustatzea du helburu.
- Retail Euskal Eskola, merkataritza-enpresen eta hiriko merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzuen lehiakortasuna hobetzea du helburu, eta formatu berritzaile eta malguak dituzten prestakuntza-ekintzak erakartzea.
- Enfokamer sektoreari informazioa eman, hobetzeko, eboluzionatzeko eta erabakiak hartzeko.
- BERRIZ ENPRESA merkataritza-sektorean eta turismo-sektorean jarduera ekonomikoari eta enpleguari eustea du helburu, enpresa-transmisioa sustatuz.
- Eta Euskal Autonomia Erkidegoko Merkatarien Elkarteen Errolda eguneratzea.
Guzti honekin, 2.100 saltokik eta merkataritzako profesionalek Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso dute lehiakortasuna hobetzeko, sektorearen profesionalizazioan aurrera egiteko, digitalizazio-prozesuei ekiteko, Interneten duten presentzia hobetzeko edo online produktuen sustapena eta salmenta txertatzeko. Horietatik 765 saltokik aholkularitza pertsonalizatua jaso dute, eta 1.830 pertsonak prestakuntza-ekintzetan parte hartu dute.
Gainera, laugarren aldiz, Euskadi Bono Denda programa kudeatu da, hiriko merkataritza- eta zerbitzu-enpresetan kontsumoa sustatzeko.
Bileraren bigarren zatia etorkizunera bideratu da, eta 2024an egin beharreko ekintzak aztertu dira.
Ildo horretan, Eusko Ganberetako lehendakariek lankidetza irekiaren ildoan aurrera egiteko eta sakontzeko borondatea azaldu diote sailburuari. Izan ere, lankidetza horri esker, txikizkako merkataritzaren sektoreari bere lehiakortasuna hobetzen, modernizatzen eta profesionalizatzen lagunduko dioten tresnak eskaintzen ari zaizkio, etorkizuneko erronkei aurre egiteko.