EUSKO JAURLARITZAK ETA ARABAKO, BILBOKO ETA GIPUZKOAKO MERKATARITZA-GANBEREK ADOSTU DUTE AUTONOMOENTZAKO AURREIKUSPEN-SISTEMA BAT ABIAN JARTZEA BGAE BATEN BIDEZ
Pedro Azpiazu junto con los presidentes de las Cámaras de Comercio de Araba, Bilbao y Gipuzkoa. Gregorio Rojo, José Ignacio Zudaire y Mauricio Arregui,
Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak eta Gregorio Rojo Arabako, José Ignacio Zudaire Bilboko eta Mauricio Arregui Gipuzkoako merkataritza-ganberetako lehendakariek lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute gaur, aurreikuspen-sistema artikulatu bat abian jartzeko, norberaren konturako langileentzat edo autonomoentzat lehentasunezko enpleguko BGAE baten bidez. Duela hilabete Gobernu Kontseiluak merkataritza-ganbera horientzako dirulaguntza onartu ondoren iritsi da sinatutako lankidetzahitzarmen hau, horrela BGAE hori sortzea, eratzea eta Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroan inskribatzea errazteko.
Ekimen honen bidez, gizarte-aurreikuspen osagarria lortu nahi da kolektibo horrentzat, Gizarte Segurantzan kotizatu ohi baitu, oro har, gutxienekoen arabera, eta, ondorioz, prestazio eta pentsio murriztuak lortzen ditu. Euskadin horrelako eredu batean sartu beharreko profesionalak 124.000 dira, gutxi gorabehera, Eustat – Euskal Estatistika Erakundearen 2022ko datuen arabera.
Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak hitzarmen hau sinatu ondoren nabarmendu duenez, “profesional horientzako gizarte-aurreikuspen osagarri bat ahalbidetzea da helburua, eraginkorra, kudeaketa-gastuetan doitua, langileak goiz sartuko dituena eta zerga-pizgarriak izango dituena, prestazioak Gizarte Segurantzaren pentsioaren osagarri gisa kobratzen badira, hau da, errenta gisa”. “Horrela, lurralde historiko bakoitzeko merkataritza-ganberaren eta
elkarteen bidez antola daitezen lagundu nahi zaie, lehentasunezko BGAE-en edo enpleguko gizarte-aurreikuspeneko planen antzeko tratamendua ahalbidetzeko”, Azpiazuk gaineratu duenez. Eredu horretan, ekarpenak aldizkakoak edo, kasu jakin batzuetan, apartekoak izatea planteatzen da. Ekonomia eta Ogasun Sailaren estimazio baten arabera, pertsona autonomo baten lan-bizitzan zehar egindako ekarpenen karrera bateko soldataren % 6ko ekarpena erretiroaren unean sistema publikotik lortzen den pentsioaren % 20 ingurukoa izan daiteke.
Bestalde, hitzarmen honen arabera, merkataritza-ganberek ekimen hau antolatzeko aukera aztertzeko eta baloratzeko konpromisoa hartzen dute.
Ildo horretatik, ekimen hau sortu eta eratu dadin sustatuko dute, merkataritza-ganberek bazkideari egotzi beharreko gehieneko ekarpenen eta prestazioen araubidea eta administrazio-gastuak (inoiz ez plan bakoitzari lotutako ondarearen % 0,5 baino gehiago) jasoko dituen erregelamendu baten bidez.
Mauricio Arreguik, merkataritza-ganberen izenean, nabarmendu duenez
“interesarekin eta lankidetzarako borondatearekin jaso dugu ekimen hau, gure izaerarekin bat datorrela eta pertsona autonomoentzat ona dela iritzita. Denbora daramagu proiektua garatzen, eta hiru ganberek koordinatuta egiten dugu lan. Guztiok ezagutzen ditugu BGAE-en bertuteak, funtsezko elementuak baitira pentsio-sistemaren osagarri gisa. Euskal Herria puntakoa izan da arlo horretan, gure etorkizuneko ikuspegiari esker (bai pertsonena, bai administrazioena) eta bizitza ulertzeko moduan aurrezteak guretzat duen garrantziari esker”. Hitzarmen honetan aurreikusten da horiek bilduko dituen elkarte bakoitzeko aurreikuspen-planak egon daitezkeela, hala nola garraioan, ostalaritzan eta beste edozein gremio modalitatetan. Eredu bakoitzak estali ahal izango ditu sektore bakoitzak bere esparruan babestu nahi dituen kontingentziak, baina, gutxienez, erretiroa, heriotza eta baliaezintasuna edo ezintasun iraunkorra estaliko ditu. Era berean, tresna erraz, arin eta teknologikoki aurreratua izatea planteatzen da.