Bizkaiko erakusleihorik onena aukeratzeko bozketa zabalik
408 hautagaitza aurkeztu dira Retail Digital Sarien 2023. ediziora, zazpi kategoriatan banatuta.
Bizkaitarrek, aurten ere, Bizkaiko establezimenduen erakusleiho onenaren alde bozkatu ahal izango dute. Retail Digital Sariek Bilboko Merkataritza Ganberak antolatutako Erakusleiho Lehiaketaren lekukoa hartzen dute, eta Bizkaiko Erakusleiho Onenaren Publikoaren Saria aukeratzeko prozesuan parte hartzera animatzen dituzte herritarrak. Horretarako, sarien webgunearen bidez bozkatu ahal izango dute nahi dutenek, eta 1-10 puntu eman ahal izango dizkiete beren erakusleiho gogokoenei, beren dekorazioagatik eta originaltasunagatik, hautagaitza aurkeztu duten lurraldeko 185 merkataritza-establezimenduen artean.
Bozketa herrikoi honetan parte hartzen duten pertsona guztiak El Corte Ingleseko bost opari-txartelen zozketan sartuko dira, bakoitzak 100 euroko balioarekin. Bozketan parte hartzeko epea urtarrilaren 3an amaituko da, eta establezimendu irabazlea 2024ko urtarrilaren 11n jakinaraziko da Retail Digital Sariak banatzeko ekitaldian.
Cámarabilbaok antolatzen dituen Retail Digital Sarien bidez, Bizkaiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak Lurraldeko merkataritza-kultura aldatzeko egiten ari diren lana aitortu nahi da, digitalizaziorantz, energia eraginkortasunerantz eta berrikuntzarantz irmo aurrera eginez, bezeroei ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzen jarraitzeko eta gero eta lehiakorragoa den merkatu global batean erakargarritasunari eusteko formula gisa. Aurten zazpi kategoria sarituko dira retail sektorearen bultzada aitortzeko, eraldaketa digitalari aurre eginez, markaren irudia eta produktuen eskaintza berrindartzeko, eta, horrez gain, profesionaltasuna, zerbitzuaren kalitatea, bezeroarentzako arreta eta etorkizunerako aukerak islatzen dituen jarduerarekin aurrera jarraitzeko.
Laugarren edizio honetan 408 hautagaitza aurkeztu dira guztira kategoria ezberdinetarako: Bizkaiko erakusleihorik onena (185); Retailik osatuena (25); Merkataritza-gunerik berritzaileena (26); Merkataritza elektronikoko webgunerik onena (38); Web korporatiborik onena (47); Energetikoki iraunkorra den establezimendurik onena (21) eta Social mediaren erabilerarik onena (66), beste behin ere Bizkaiko merkataritzak, ostalaritzak eta zerbitzuek hobekuntzarekin, berrikuntzarekin eta bezeroentzako zerbitzuarekin duten konpromisoa erakutsiz.
Retail Digital Sarien babesleak dira Kutxabank, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Saila, Bilboko Udala, Iberdrola, El Corte Inglés, Cafés Baque eta El Correo, eta Bizkaiko Txakolina Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzailearen lankidetza.