Bizkaiko Ogasunak bi urte atzeratu du Batuz-en eta TicketBairen ezarpena

Foru Ogasunak pizgarriak emango dizkie sistema 2024ko urtarrilaren 1a baino lehen ezartzen duten enpresa eta autonomoei.

ticketbai

20 July, 2021|Kategoriak: Retail|

Cámarabilbao

Batuz sistemaren eta TicketBai softwarearen ezarpenak beste bi urte itxaron beharko ditu. Bizkaiko Foru Ogasunak 2024ko urtarrilaren 1era arte atzeratzea erabaki du. Beste atzerapen bat da, Covid-19ren pandemiagatik urtebetez atzeratu baitzuten lehenik, 2022ko urtarrilaren 1era arte.

Zergadunak pairatzen ari diren arazoek eragin dute atzerapen berria. Hori dela eta, Aldundiak uste du ez dela egoera egokia sistema bermeekin ezartzeko.

Jose Maria Irurrizaga Ogasuneko foru diputatuak Batzar Nagusien aurrean proposatuko du epea luzatzea, eta, esan duenez, “Proiektu estrategikoa da Bizkaiarentzat, iruzurraren aurkako borroka indartzen duelako eta zergadunen laguntza hobetzen duelako”. Nahiz eta alderdi positiboak izan, diputatuak onartu du orain ez direla hori aplikatzeko baldintzak betetzen.

2024 baino lehen sistemak ezartzen dituztenentzako pizgarriak

Sistema ezartzeko azken epea luzatzen bada ere, Aldundiak konpentsazio batzuk jarri ditu martxan 2024ko urtarrilaren 1a baino lehen sistema hartzen dutenentzat, bai enpresentzat, bai langile autonomoentzat.

Horrela, 2022ko urtarrilaren 1a baino lehen Batuz sistema ezartzen duten zergadunei, pertsonei eta negozioei % 15 murriztuko zaie zerga-oinarria PFEZn edo Sozietateen gaineko Zergan, 2022ko eta 2023ko ekitaldietan.

Aldundiaren arabera, konpentsazioa handiagoa izango da Batuz ezarri ahala. Horrela, 2022ko apirilaren 1etik aurrera konpentsazioa % 13ra jaitsiko da. % 11koa izango da 2022ko uztailaren 1etik, % 9koa 2022ko urriaren 1etik, % 5ekoa 2023ko urtarrilaren 1etik, % 4koa 2023ko apirilaren 1etik, % 3koa 2023ko uztailaren 1etik eta % 2koa 2023ko urriaren 1etik.

Batuz sistema egokitzeko egindako gastuen kuotaren % 30eko kenkaria ere bi urtez luzatu da. Egokitzapen horretan, TicketBai softwarea sartu edo izango da fakturak kontrolatzeko. Merkatuan 285 software homologatu daude gaur egun, TicketBairen eskakizunen arabera, kontabilitate-, kudeaketa- eta fakturazio-programa informatikoak.

Zertan datza Batuz sistema? Eta TicketBai?

Batuz sistema enpresen jarduera ekonomikoen errendimenduak bitarteko elektronikoen bidez kontrolatzeko sistema integrala da. Funtsezko tresna da iruzurraren aurkako borrokan eta ezkutuko ekonomiaren esparruko jarduerak azaleratzeko.

Batuz-en funtsezko zatietako bat TicketBai da. Fakturazioa software baten bidez kontrolatzen du, eta software hori faktura bakoitza jaulkitzeko unean jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisiko edo juridiko guztiek erabili beharko dute. Software horrek homologatuta egon behar du, eta faktura bakoitza kode enkriptatu batekin etiketatuko du; horrela, pertsona hori bere fakturazioaren zati bat ogasunari ezkutatzen ari den detektatu ahal izango da.

Batuz-en funtsezko beste elementu bat erregistro-liburua da, enpresek eta autonomoek egiten dituzten eragiketa ekonomikoak kontrolatzen dituena. Batuz-en aldaketa handia hau da, negozio bakoitzaren eguneroko kudeaketarena, enpresek erregistro-liburua eguneratuta eduki beharko baitute. Horri esker, informazio gehiago eta kalitate handiagokoa izango dugu.

Txikizkako merkataritzari zuzendutako prestakuntza-tailerretan eman dezakezu izena, TicketBai-Batuz araudiari buruzko zalantza guztiak argitzeko eta araudia zure merkataritzara egokitzeko. Eman izena hurrengo jardunaldietan: irailaren 8an, Portugaleten; irailaren 15ean, Santurtzin; eta irailaren 23an, Barakaldon.

Related Posts