Saltokiak Euskadi Bono Denda kanpainara atxiki daitezke dagoeneko
Establezimenduan Euskadi Bonu Dendak eskaintzeko interesa duten dendek urriaren 30era arteko epea izango dute kanpainara atxikitzeko.
Cámarabilbao
Ostegun honetatik, urriaren 24tik, zabalik dago zure denda Euskadi Bono Denda 2024 kanpainara atxikitzeko epea. Programak merkataritza-jarduerarekin lotutako merkataritza- eta zerbitzu-establezimenduetako kontsumoa diruz laguntzen du.
Ekimen honetan, kanpainaren aurretik atxikitzen diren merkataritza-establezimenduek baino ez dute parte hartzen. Euskadi Bono Dendaren aurreko deialdietan parte hartu duten saltoki guztiek kanpainarekin bat egin beharko dute berriro. Horrela, lehenago parte hartu dutela ere, berriro bete beharko dituzte beren datuak eta deialdi honetan parte hartu ahal izateko beharrezko dokumentazioa aurkeztu beharko dute:
- NANaren (autonomoak) edo IFKren (pertsona juridikoak) kopia.
- Negozioaren kanpoaldeko argazkia, horizontalean.
- Banku-titulartasunaren ziurtagiria – online aplikaziotik deskarga daitekenak balio du.
- Jarduera ekonomikoen ziurtagiria – automatikoki deskargatzen da Foru Ogasunaren egoitza elektronikoan.
Parte har dezaketen jarduera-sektoreek alta emanda egon behar dute jarduera ekonomikoen gaineko zergaren (JEZ) epigrafe hauetakoren batean:
- 6443 Gozogintzako, opilgintzako eta konfitegintzako ekoizkinen txikizkako merkataritza.
- 6444 Izozkien txikizkako merkataritza.
- 6445 Bonboien eta karameluen txikizkako merkataritza.
- 645 Mota guztietako ardoen eta edarien txikizkako merkataritza.
- 651 Ehungintza-gaien, jantzigintza-gaien, oinetakoen, larruen eta larrugintza-gaien txikizkako merkataritza.
- 6522 Drogeriako, lurringintzako eta kosmetikako produktuen, garbiketako gaien, pinturen, bernizen, disolbatzaileen, paperen eta dekoraziorako beste ekoizkin batzuen eta kimikako ekoizkinen txikizkako merkataritza.
- 6523 Lurringintzako eta kosmetikako ekoizkinen eta norbere higienerako eta garbiketarako gaien txikizkako merkataritza.
- 6524 Belar-dendetako landareen eta belarren txikizkako merkataritza.
- 653 Etxeko ekipamenduen eta eraikuntzarako gaien txikizkako merkataritza.
- 6542 Lehorreko ibilgailuentzako osagarrien eta ordezko piezen txikizkako merkataritza.
- 6545 Mota guztietako makineriaren txikizkako merkataritza (etxeko aparatuak, bulegokoak, medikuntzakoak, ortopedikoak, optikoak eta argazkigintzakoak izan ezik).
- 6546 Mota orotako ibilgailuetarako pneumatikoen, banden edo aire-ganberen txikizkako merkataritza.
- 656 Altzarien, jantzien, etxean erabiltzeko jantzi eta tresna arrunten eta antzeko ondasunen txikizkako merkataritza.
- 657 Musika-tresnen eta haien osagarrien txikizkako merkataritza.
- 659 Txikizkako bestelako merkataritza.
- 662 Txikizkako merkataritza mistoa edo integratua.
- 971 Garbitegiak, tindategiak eta antzeko zerbitzuak.
- 972 Ile-apaindegiak eta edertasun-apaindegiak.
- 9731 Argazkigintza-zerbitzuak.
- 975 Markogintza-zerbitzuak.
Establezimenduen atxikipena urriaren 30era arte egingo da, 23: 59etan, Euskadi Bono Dendaren webgunearen bidez. Informazioa aurkeztu ondoren, zuzentzeko eskatu ahal izango da azaroaren 12an amaituko den epean.
Zer dira Euskadi Bono Denda-k?
Euskadi Bono Dendak 10 euroko deskontu-bonutzat hartzen dira. Aurreko edizioetan bezala, erabiltzaileek hiru bonu izango dituzte gehienez, eta establezimendu bakar batean edo batzuetan eskuratu ahal izango dituzte. Bonu bakoitza gutxienez 30 euroko erosketa baten gainean erabiliko da, eta 10 euroko deskontua aplikatuko zaio. Bonuen onuradun izateko baldintza bakarra izango da pertsona fisikoak izatea, hamasei urtetik gorakoak eta Euskal Autonomia Erkidegoan bizi direnak.
Nolakoa izango da merkataritzarako funtzionamendua? 30 eurotik gorako erosketengatik deskontua lortu nahi duten bezeroek erosketa unean eskatu beharko dute bonua kanpainari atxikita dauden establezimenduetan bertan. Trukaketa 2024ko azaroaren 15etik abenduaren 5era egingo da. Saltokiak arduratuko dira bezeroaren datuak kontuan hartzeaz eta kanpainarako berariaz prestatutako aplikazio batean erregistratzeaz. Eroslea identifikatzea funtsezkoa da; izan ere, bezero bakoitzak gehienez ere hiru bonu izango ditu kontsumitzeko truke-kanpaina abian dagoen aldi osoan.